Eduki nagusira joan

CAF-i esleitu diote Suediako SJ AB operadoreari eskualdeko unitateak hornitzeko kontratua

Suediako Estatuko operadoreak, SJ ABk, CAF aukeratu du eskualdeko 25 unitate hornitzeko. Gainera, kopurua 60 unitatera handitzeko aukera egongo da kontratuan aurrez ikusitako zabalkuntza-aukerak eragingarri eginez gero. Aipatutako 25 unitateetarako itxitako oinarri akordioaren bolumena 300 milioi euro ingurukoa izango da eta lehen trenak 2026ean zerbitzuan sartuko direla aurrez ikusi dute.

CAF Civity Nordic plataformako unitateak dira eta eskualdeko eta eskualde arteko zerbitzurako erabiltzen dira. Suediako muturreko klima-baldintzei (-40ºC arteko tenperaturarekin eta elurrarekin) aurre egiteko prestatuta daude. Trenek 5 kotxe dituzte eta 200 km/h-ko abiaduran zirkulatuko dute. Gainera, edukiera handia izango dute (akoplatutako 3 trenek 1.000 eserleku inguru eskainiko dituzte), eta sarbide erraza eta malgutasuna izango dituzte bidaiari mota guztientzat.

SJ Taldea 5.400 langile dituen enpresa publikoa da eta Suediako tren-sarearen zati handiena kudeatzen du. Hala, Stockholm Eskandinaviako gainerako hiriburuekin (Kopenhage eta Oslo) lotzen du. Egunero 150.000 bidaiari baino gehiagoko bolumenarekin, ingurumena errespetatzen eta eragingarritasun handiko zerbitzua eskaintzen duen enpresa da. Horren erakusgarri da SJk jasotako sariak: Suediako marka jasangarrienari emandakoa eta herrialdeko garraio-enpresa onenari eta Europako garraio-enpresa digitalenari emandakoa.

Gaur egun, SJ bere flota modernizatzeko planean barneratuta dago, haien unitate batzuk laster iritsiko baitira haien bizitza erabilgarriaren amaierara. Gainera, trenen edukiera handitzeko asmoa du hurrengo urteotarako eskaria handitu egingo dela aurrez ikusi duelako. Horren guztiaren helburua da bezeroentzako zerbitzu aurreratuagoa eta erosoagoa, eta operazio jasangarriagoa eta eragingarriagoa lortzea energia gutxiago kontsumituta eta mantentze lanetan kostu gutxiago izanda.

 

CAF-ek Eskandinaviako merkatuaren alde egindako apustua

Kontratu berri honek CAFek Eskandinaviako merkatuaren alde egindako apustua baieztatu du. 2019an, CAF Taldeak EuroMaint Suediako enpresa erosi zuen (Eskandinaviako tren-merkatuan erreferentziazko enpresetako bat eta trenen mantentze-lanetako segmentuan bere herrialdeko liderra, eta tren-flotak mantentzeko negozioan merkatu-kuota handia duena). Jarduera hori, gainera, eskualdeko operadoreei zuzendutako tren-elementuen hornikuntzarekin osatzen du.

Erosketak sendotu egin zuen CAFek eremu hartan zuen posizionamendua Eskandinavian proiektu berriak eskuratzeko aukerari dagokionez. Hain zuzen ere, hurrengo urteotan, merkatu hartan lizitazioen kopuru handia garatzea aurrez ikusi du.

Bestalde, ezin dugu ahaztu CAFek eskualde hartan proiektu kopuru handia garatu duela eta, horien artean, hauek azpimarra ditzakegu: Norvegiarako abiadura handiko unitateak hornitzea, Helsinkirako metro-unitateak fabrikatzea eta Suediarako (Stockholm eta Lund) eta Norvegiarako (Oslo) tranbia-flotak hornitzea.

Ihaz, gainera, CAFek hainbat kontratu eskuratu zituen Suedian. Alde batetik, AB Transitio enpresarentzat 20 EMUren (unitate elektrikoak) eta 8 BMUren (biodiesela-elektrikoa) fabrikazioa esleitu zioten; bestalde, EuroMaint filialaren bidez, SJ AB operadorearentzako bi zerbitzu-kontratu eskuratu zituen. Lan horiek Krösatågen-eko eta Kustpilen-eko lineetan operatzen duten trenen flota 12 urtez mantentzea eta Suediako operadore horren bidaiarientzako gaueko kotxeen flotako 57 kotxe birmoldatzeko lanak jasotzen dituzte.